blog

Eltzia, herri sormenaren etxea

2018an ekoiztutako bideoa da gaurko atalari dagokiona. Oñatiko Udalarekin elkarlanean, Eltzia eraikinaren birmoldaketa prozesuan parte hartu genuen bideo grabaketa lanak egiten. ‘Eltzia’, topaketarako, elkarbizitzarako eta sorkuntza partekatutako espazioa izanik, balore horiek laburbilduko zituen ekoizpen baten inguruan hasi ginen lanean. Udalaren beharretara egokituko zen ikus-entzunezkoa diseinatu genuen, beti ere Eltziaren izaera autogestionatua bermatuz, erabiltzaileak baitira eguneroko kudeaketaz eta eraikinaren zaintzaz arduratzen direnak.

Ekoizpen osoa hiru fasetan banatu genuen, eraikinaren berregituratze prozesuan zehar egin zituzten aurrerapen ezberdinak islatzeko helburuarekin. Grabaketa guztietan erabilitako materiala berdina izan zen, beti ere eraikinaren baliabideetara egokituz. Errekurtso grabaketa sorta batek osatzen du bideoa, hiru egun ezberdinetan banatuak. Lehenengo egunean eraikinaren ‘eskeletoa’ (hutsa barrutik, erreforma hasiberria baitzen) grabatu genuen. Bigarrenean, birmoldaketen prozesuaren aurrerapenak grabatu genituen. Eta, hirugarren eta azken egunean, hilabeteetako lanen azken emaitza eta ekimen ezberdinetan herritarrek eduki zuten parte hartzea grabatu genituen.